KOMUNIKATZAILE INDIGENEN BIRA EUSKAL HERRIAN ZEHAR
Datak: 2017ko otsailaren 13tik 23ra
Informazioa pdf formatuan hemen: Bira_2017
Helburu nagusia: Latinoamerikako komunikatzaile indigenen eta Euskal Herriko hainbat komunikazio eragileren (hedabideak, Unibertsitatea, gizarte erakundeak, etab.) arteko trebakuntza eta elkartrukerako askotariko espazioak sortzea.
Informazioa kontsumitzeko era berrien eta mass-medien aurrean, tokikoak eta alternatiboak diren hedabideek eta komunikatzaileek egungo testuinguruan egin dezaketen lana landuko da espazio hauetan. Hau da, aztertuko dira zeintzuk diren euren helburuak, zein baliabide dituzten, eta zein zailtasun dituzten izaera politikoa duten, gizarte eraldaketa helburu duten edo nortasun eta hizkuntza propioen sendotzea helburu duten hedabideek.
LATINOAMERIKAKO GONBIDATUAK
Marta Choc Calel (maya q’eqchi’ herria, Guatemala). Tz’ikin Sareko Hedapen Batzordeko Koordinatzailea, Komunikatzaile komunitarioa, Baliabide Naturalen Defendatzailea, Kultura Sustatzailea eta Ikus-entzunezkoen trebatzailea. Nazioarteko XIII. FicMayab’ Herri Indigenen Zinema eta Bideo Jaialdiko (2017-2018) prestatze-batzordeko kidea.
Bashe Nuhem (qom herria, Argentina). Komunikatzailea eta errealizadorea, Komunikazio Elkarte Komunitario Indigenaren parte da, Argentinako Chacoko komunitate indigenen partaidetza, autogestioa eta antolaketa bultzatzea helburua duena. Hego Amerikako CLACPI- Latinoamerikako Herri Indigenen Komunikazio eta Zine Koordinakundeko formazio arduraduna da.
Iván Sanjines (Bolivia). CEFREC, Kultur-arteko Komunikazioaren Garapenerako Fundazioaren zuzendari eta sortzailea da. Zinemagilea da, eta duela 25 urtetik hona hedabideen demokratizazioaren eta herri indigenak hedabideak eskuratzearen alde lan egiten du.
Mariano Estrada (tzeltal herria, México): Komunikatzailea eta zinemagilea, Hego Amerikako CLACPI- Latinoamerikako Herri Indigenen Komunikazio eta Zine Koordinakundeko Koordinatzaile orokorra da gaur egun.
Martha Zelady (movima herria, Bolivia). Beniko Emakume Indigenen Zentraleko (CMIB) komunikazio idazkaria da eta Ikus-entzunezkoen Bolibiako Koordinakunde Indigenako (CAIB) kide.
David Hernández (wayuu herria, Venezuela). Hego Amerikako CLACPI- Latinoamerikako Herri Indigenen Komunikazio eta Zine Koordinakundeko Aholkulari Kontseiluko kidea. Venezuelako Zinema Indigenaren Nazioarteko Erakusketako koordinatzailea. Wayaakua Ikus-entzunezkoen fundazio Indigenako zuzendaria.
KOMUNIKAZIO ALTERNATIBOA ETA ERALDATZAILEA, HERRIEN BORROKARAKO TRESNA
Hedabideak gure gizarteen demokratizaziorako tresnak izan behar badira ere, gehienetan kontsumismoa, indibidualismoa, pentsaera bakarra eta estereotipo matxistak, klasistak eta arrazistak indartzeko tresnak baino ez dira.
Horregatik, elkar-trukerako espazio hauetan nabarmendu nahi dugu mass-medien mezu eta irudi zapaltzaileetatik harago ere beste aukera batzuk egon badaudela. Azpimarratu nahi dugu hedabide masiboen nagusitasuna ez dela zertan absolutua eta unibokoa izan behar. Mundu zabalean, gure herrialde txikitik hasi eta Afrika zein Hego Amerikako herri urrun eta ahaztuenetaraino, bestelako komunikazioa landu eta egin egiten da gaur egun. Milaka dira zeregin horretan ari diren hedabide alternatibo eta herri mugimenduko elkarteak; izan hauek auzo elkarteak, feministak, indigenak, ekologistak, nekazarienak, auzolan mugimenduak, haktibistak, youtuberrak… Denak ari dira egun bestelako komunikazioa lantzen, uhinetan emititzen, sare sozialetan publikatzen, kontra-publizitatea egiten, bideo sozialak sortzen eta zabaltzen, software librea bultzatzen, egunkari propiotan idazten edo eta euren errealitateak, bizitza esperientziak, kultur aberastasuna eta gizarte bidezkoago eta benetan demokratikoagoaren aldeko aldarriak ikusarazten dituzten telebista programak ekoizten ere.
Latinoamerikan zehazki, herri komunikazioko prozesuak elementu interesgarriak izan dira bestelako komunikazioa posible dela kontinente osoan erakusteko. Era berean, prozesu hauek mahai gainean jarri dute pentsamenduaren deskolonizazioa eta despatriarkalizazioa dela konturatzea bestelako jakintzak egon badaudela. Lokalak eta independenteak diren komunikazio ekimen askoren bitartez mundua ulertzeko eta XXI mendean bizitzeko beste ikuskerak berreskuratzen eta balioan jartzen ari dira; munduan zabalduta dagoen eredu bidegabearen aurrean erresistentzia eta alternatibak garatzen dituzten ikuskerak hain zuzen ere.
Testuinguru horretan, jatorrizko herrien errealitatea transformatzeko tresna gisa sortu da komunikazio indigena. Azken hamarkadetan, komunikazio lan honek funtsezko eginkizuna bete du mugimendu indigena eta nekazariaren eskubide indibidual eta kolektiboen aldarrikapenak indartzen. Hori guztia, euren eskubideak behin eta berriz urratzen diren testuinguru batean eman da, besteak beste, estatu eta enpresa transnazionalen eskutik, izan ere, entitate hauek etekin maximoak lortzea helburu duten garapen ereduak ezartzen dituzte, herriak eta pertsonak kontuan hartu gabe.
Gai horiek guztiak oso presente daude indigenen komunikazio programa askotan, izan interneten, irratian edo bideotan. Halaber, kultura elementuak berreskuratzeko kezka ere adierazten dute, ondoz ondoko prozesu kolonialistek erasotu dituzten (eta gaur egun ere erasotzen dituzten) mundua ulertzeko modu desberdina duten eta eskubide kolektibo askotarikoak dituzten herri ezberdinen nortasuna defendatzeko.
Deskolonizazioa deritzon prozesuan aurrera egiteko kezka handia dago, baina ere berean, despatriarkalizazioa bezalako beste berebiziko lerro batzuetara ere zabaltzen ari dira. Azken batean, geroz eta argiago dago komunikazioa, aldaketa helburu duten prozesu politikoak bezala, ez dela inoiz askatzaile izango emakumeen eskubideetatik eta gizonekiko aukera berdintasun erabatekotik egiten ez bada.
Komunikazio eredu horren beste ezaugarri bat da bere ikuspegi integrala eta duen nortasun kolektibo eta komunitarioa, sarean egiten den lana bezala. Mendebaldeko komunikazio ereduen profesionalizazio eta espezializazioaren aurrean, komunikazio indigena prozesu osoan luzatzen den komunitate osoaren parte-hartzean eta ikasketa kolektiboan oinarritzen da. Hori islatzen da ekoizteko ereduan, gidoietan eta lan zein arduren banaketan, obraren eraikuntza kolektibo horretan, baina, baita ere, narratiba propioan, egiteko eta kontatzeko denboretan, emakume eta gizonen berdintasunean, trebakuntza prozesuetan, etab.
Laburbilduz, herrien eta euren gizarte eta politika prozesuak eutsi eta aberasten dituen tresna da komunikazio indigena, zeina pentsamendua eta ekintza politikoa deskolonizatzeko oinarria izan behar den, mendebaldeko krisi zibilizatzailearen testuinguru honetan, ondasun komunean, gizarte justizian, elkarrekikotasunean eta gizakien eta naturaren arteko errespetuan oinarritutako mundu berria eraikitzeko alternatibak eskaintzeko.