2010eko martxoaren 4 eta 5ean, Guatemalan, Kontzientzia Auzitegi batek isiltasuna hautsi eta gatazka armatuan sexu-indarkeriatik biziraun zuten emakumeen egia argitara atera zuen. Gatazka armatua izan eta 14 urtera.

Gatazka Armatuan Emakumeenganako Sexu Indarkeriaren aurkako Kontzientzia Auzitegi hau Ciudad de Guatemalan egin zen, erakunde feminista, giza eskubideen aldeko erakunde eta zuzeneko biktimek sustatuta. Auzitegiak bi egun iraun zuen eta 800 pertsona inguru bildu zituen, non gatazka armatuan zehar (1960-1996) sexu-indarkeriatik biziraun zuten zazpi emakume maiek euren lekukotza eman zuten. Zortzigarren lekukotza batek, Estatuak komunitate indigenen aurka egindako lur-husteen testuinguruan, indarkeria horrek bere horretan jarraitzen duela adierazi zuen.

Auzitegiak gatazka armatuan sexu-indarkeria ez zela gertakari isolatu bat izan egiaztatu zuen, Estatuaren politika kontrainsurgentearen parte izan zela baizik, eta batez ere maien aurka zuzendutakoa.

Urte askotako laguntza eta lana behar izan ziren gogoangarri historiko hori lortzeko. Horri esker, 2011n, emakumeetako batzuek gatazka armatuan gertatutako sexu-indarkeriako gertakariengatik lehen kereila penala aurkeztu zuten, 2016an Sepur Zarco izenez ezagutzen den auzi eta kondena-epaiarekin amaituko zen prozesua.

Egun, frankismoaren kasurako, Women ‘s Link Worldwide erakundeak lortu zuen Maria Servini epaile argentinarrak auzia zabaltzea eta emakume izate hutsagatik sei emakumeren aurka egindako delituak ikertzea. Jada erakundeek dokumentatu eta emakumeek salatu duten egia-judizial hori ezagutzeko, oraindik itxaron behar dugu.

Gaur, azaroak 10, Memoriaren egunean, gertaera hauek gogoratu nahi ditugu. Kasu ugarien adibideak dira, talde minorizatuak bizi dituzten historiak, bizipenak, grinak, letra larriz idatzitako Historian ez daudela ikusarazten digutenak. Urte batzuk geroago, isildutako ahots hauek, baztertutakoak, justizia bila oihukatzen jarraitzen diote jendarteri, honek entzun eta bere iraganaren eta orainaren zati gisa onar ditzan.

Elizabeth Jelinek dioenez, ezagutzak ez dira pilatu edo batu daitezkeen pieza solteak, gizartean partekatuta dauden interpretazio-esparruetan soilik dute zentzua. Arrazoibide-ildo horri jarraituz, iraganeko bertsio edo narratiba jakin batzuk esfera publikora ekartzen dituzten gizarte-eskaerek motibazio bikoitza dute: bata, esplizitua, iraganaren zentzua belaunaldi berriei transmititzea. Bestea, inplizitua, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoa, memoria baten onarpen publikoa legitimatzeko eta instituzionalizatzeko premiari erantzuten baitio.

Eta indarkeria matxisten biktima eta bizirik dirauten emakumeen ahotsak publikoki aitortzeko premia horretan gaude. 2003tik, espainiar Estatuan erregistro ofizialak daudenetik, 1000 emakume baino gehiago erail dituzte sexu-afektibitate harreman baten eremuan. Ez ditugu ahazten eremu horretan aintzat hartzen ez direnak, ezta erail ez dituztenak baina indarkeriaren continuuma bizi izan dutenak edota jarraitzen dutenak. Ezta oraindik legeak jasotzen ez dituen beste indarkeria asko bizi izan dituzten emakumeak.

 

Aitortza publiko horretarako, gizarte gisa, entzutera gelditu behar gara. Batzuetan, ahotsak komunikabideen bidez distortsionatuak iristen zaizkigu, emakumeak birbiktimizatzen, zalantzan jartzen eta biktimarioari ahots handiagoa ematen. Beste ahots batzuk egon ere ez daude, isilduta daude.

Gaur, inoiz baino gehiago, indarkeria matxista hauen existentzia ukatzen hasten denean, ezinbestekoa da biktimen eta biziraun duten emakumeen memoria. Azkenean, egia aitortzea da, gertatu behar ez zela onartzea, eta gizarte eta erakundeek egin ez denagatik dugun erantzukizuna aintzat hartzea. Berriro gerta ez dadin.

Azken urteotan hainbat ekimen feministetatik, auzo-ekimenetatik, indarkeria matxistetak biziraun duten emakumeen kolektiboetatik ahots horiek biltzen ari dira, bizi izan dutena ezagutzeko, emakume biktimei buruz dagoen irudi soziala aldatzeko, baita erasotzaileari buruzko irudia ere. Ahots hauek errealitate bat ulertzen laguntzen digute, indarkeria matxista, mundu osoko Giza Eskubideen urraketa handienetako bat dena.

Enpatia izaten, zer egin dezakegun galdetzen, indarkeria aurrean masiboki mobilizatzen, emakumeak bizitakoagatik ez epaitzen eta erruduntzat ez jotzen laguntzen digute. Ikusten dugun edonolako indarkeria matxistako ekintza arbuiatzen. Erakundeei emakumeek indarkeriarik gabeko bizitza izateko dugun eskubidea defenda dezatela exijitzen.

Ahots horiek gure memoria kolektiboaren parte izan behar dute, gaur bezalako egunetan ere, Memoriaren ospakizunekoak, leku bat izan behar dute. Urte batzuk geroago ezin dugu onartu indarkeria matxistaren biktimek justiziagatik oihukatzen jarraitzea, kontakizun sozialean ikusezinak izatea. Bere memoria berreskuratzeko eta dokumentatzeko prozesuak egin behar ditugu, gure memoria kolektiboaren parte izan daitezen. Geroago, geure buruari galdetu behar ez diezaiogun ea zerbait egin ahal bagenuen, gure gizarteetan oraindik ere emakume eta haurrak erailtzen dituen indarkeria matxistarekin amaitzeko. Zabaldu dezagun zirrikitua, eta entzungor egin ezin ditugun ahotsak oihu bihur daitezela.

 

Izan zirenengatik, gara eta izango dira.