Denboraren joanari buruzko baieztapen argia, eta berehalako iragarpena denbora-espazio markoan: 2019a amaituta, eta erasoak, argi-ilunak, zalantzak zein ziurtasunak gorabehera, sumatzen dugu 2020a etorkizun oparoko urtea izango dela Latinoamerikan.
Azkenaldian, bereziki 2019an, berrikuspen kritikoak areagotu dira Latinoamerika bizitzen ari den momentuari buruz. Horrela, ziklo progresista deritzonaren amaierari buruz eztabaidatu da; herrialde batzuetako lorpenak agortzeari buruz, eta horrek eragindako nolabaiteko frustrazioari buruz. Batez ere azken urtean, egiaztatu da ordura arteko eraldaketen norabide aldaketako fasean sartzen ari ginela, eta horrek eskubideak, demokrazia eta askatasunak galtzea ekarriko zuela. Fase honetan, elite politiko eta ekonomiko nagusiek, hain zuzen ere kontzeptu politiko horietaz jabetu direnek, berriro ere ortodoxia neoliberalera itzultzeko espazioak irabazten zituzten. Horrek, zalantzarik gabe, benetako larritasun existentziala sortu du gehiengo handiengan, eta baita azken urteotan beren bizi-baldintzak hobetzen zirela ikusi duten kolektiboengan ere; izan ere, beren eskubide indibidual eta kolektiboak areagotu, aitortu eta, batez ere, eskubideon erabilera hobetu egin dela ikusi dute.
Ikuspegi ilun horietan eragina dute, batetik, estatu kolpeek, kolpe bigun deitzeagatik ere azken finean kolpeak izan baitira, eta bestetik, kontinenteko herrialde gehienetan oligarkien hauteskunde-aukerak eta aukera faktikoak berrindartu izanak. Estatu kolpeei dagokienez, Bolivian ikusi bezala, jada ez ziren bigunak; aitzitik, iragan mendean bizitako kolpe gogorragoak gogorarazten zizkiguten, argi eta garbi. Hala erakusten zigun polizia militarraren zuzeneko esku hartzeak eta errepresio itzelak (36 hildako, ehunka zauritu eta atxilotu, erbesteratuak, errefuxiatu politikoak berriro, etab.). Bestalde, neoliberalismotik sekula irten gabeko herrialdeei (Erdialdeko Amerika, Txile, Peru, Kolonbia) beste batzuk gehitu zitzaizkien; Argentina, Ekuador eta Brasil, besteak beste, sistema horretara argi eta garbi itzultzen ari ziren. Bitartean, oraindik eraldaketa sozialen bidean mantentzen ziren gainerako herrialdeetan, areagotzen ari zen tokiko zein nazioarte mailako jazarpena.
Horrela, ukaezina da eskuinaren eta ultraeskuinaren politikak finkatzearen ondorioz pertsonen eskubideak, natura, demokrazia eta askatasunak kaltetu direla. Latinoamerika neoliberalismoaren laborategi handia izan zen XX. mendearen azken hamarkadetan, eta politika horien itzulera ikusten ari gara. Gainera, ekuazioari gehitu behar diogu ultraeskuineko erregimenek daukaten klase-mendekua (Brasil, Guatemala, Bolivia), baita lortutako aurrerapen guztiak azkar ezabatzeko determinazioa ere, prozesu horiek lurperatzeko. Lurraldeen espoliazioa eta suntsipena (Amazonia, aire zabaleko meategiak, baso ustiapena eta enpresa hidroelektrikoak…) eta eskubideen murrizketa (sozialak, laboralak, politikoak…) areagotu egiten ditu oligarkien eta transnazionalen nagusitasunak; ustiapen basatiaren errezeta zaharrak inposatzen dituzte, beren emaitzak eta, batez ere, etekin-tasak edozein preziotan handitzeko.
Hala ere, 2019arekin batera bukatzen ari den hamarkadaren ikuspegi globalagoa eta sakonagoa egiten badugu, ikus dezakegu argilun asko egon arren, azken 12 hilabetetan bestelakoak ere egon direla Latinoamerikako egoeran. 2019an itxaropenezko urratsak egon dira ere, gizarte mugimenduen susperraldia kasu, Ekuador, Txile eta Kolonbiako jendarteak eraldatu ditzaketen indar gisa.
Egia da egoera ez dela pozgarria, kolpeak gogorrak izan direla eta kontinente aitzindaria dela, oraindik ere, desberdintasunen arrakala areagotzen. Hala ere, amaitu berri den urtearen berrirakurketatik abiatuta, ulertzen dugu Latinoamerikak kontinente bizia, iradokitzailea eta funtsezkoa izaten jarraitzen duela alternatiben eraikuntzan, eta baldintza politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak hobetzeko borroketan. Eta hain zuzen, horiek dira gehiengo handiei iritsi behar zaizkien borrokak, behingoz eraldatzeko bidegabekeria sozialak, ingurumenaren suntsiketa, egoera patriarkalak eta matxistak eta herrien eskubideen urraketa etengabeak. Izan ere, Europa zaharrean askatasunak murrizteko prozesu betean daude eta ultraeskuinaren gorakada nabarmena da, arrazismo, matxismo eta faxismoaren zama gehituta, baina Amerikan, antzeko prozesuei galga jartzen ari zaie, eta jendarte benetan demokratiko eta bidezkoak eraikitzeko alternatibak ehuntzen jarraitzen ari dira.
2019ko errepaso xume eta labur batek, Haitin, Guatemalan, Ekuadorren, Txilen eta Kolonbian neoliberalismoaren eta ustelkeriaren aurkako hilabeteetako borrokak aitortzera garamatza. Horri esker, hobeto ulertu ditzakegu mugimendu feministek kontinentean egiten dituzten eskaerak, matxismoen eta patriarkatuen mendeetako egiturak zalantzan jartzen baitituzte. Horrek agerian uzten digu herri indigenek nortasuna, duintasuna eta lurraldeak defendatzeko duten kemena, espoliatzen dituzten transnazionalen eta ikusezin bihurtu nahi dituzten gobernuen aurrean (Guatemala, Brasil, Bolivia, Kolonbia). Auzoetan, komunitateetan, hirietan eta herrietan bizirik dauden antolakunde eta mugimendu sozial ugari ikusten ditugu, zeintzuek lortu egiten duten, protesta sozialaren eta/edo hauteskunde-protestaren bidez, egonkortasun neoliberalaren (Txile, Ekuador, Argentina) ustezko oasi batzuk zalantzan jartzea edo are suntsitzea.
Hori da Latinoamerikako egoera 2020ko lehenengo asteetan. 2019ari amaiera emateko, bizi izandakoari begiratu behar zaio, baina, horrez gain, ateak ireki behar zaizkio justizia soziala, benetako demokrazia eta guztiontzako benetako askatasunak dituen etorkizunari, “beti nagusi diren eliteen” murrizketarik gabe.