Gaur, martxoak 15, ospatuko den BBVAren Akziodunen Batzarra dela eta, BBVAren Kontrako Plataformak eta Euskal Herriak Kapitalari Planto! Kanpainiak sentsibilizazio eta protesta ekimen desberdinak antolatu ditugu. Hauen bitartez, mahai gainean jarri nahi ditugu bere irabaziak lortzeko banku honek garatzen dituen zenbait jarduera, hauek eragiten dituzten ondorio larriak, eta baita ere euskal erakundeengandik jasotzen duen mesede-tratua.
Horrela, gaur, martxoaren 15ean, ostirala, Akziodunen Batzarraren hasiera dela eta, protesta-elkarretaratze bat egingo dugu Euskalduna Jauregiaren aurrean goizeko 11:00etatik aurrera.
Erakunde deitzaileek duela hamabi urte BBVAren Akziodunen Batzarren aurrean protestatzen hastera bultzatu zituen arrazoiak erabat indarrean jarraitzen dutela adierazten dute. Arrazoi hauen artean, hurrengoak:
- BBVA liderra da espainiar bankuen artean armagintza-industriarekiko inbertsioetan. Azken 5 urteetan 2.678 milioi bideratu ditu hainbat enpresa finantzatzera, Maxam, General Dynamics, Airbus edo Boeing kasu. Enpresa hauek guda desberdinetan erabiliak diren zenbait arma mota desberdin egiten dituzte, munduan zehar milioika pertsonen heriotza eta derrigorrezko lekualdaketa eraginez.
- Naiz eta banku-erreskatetik 13.000 milioi euro baino gehiago eskuratu dituen, erakunde honek urtero ehundaka etxegabetze exekutatzen jarraitzen du, praktika honen geldiketa iragarri badu ere.
- Pentsioen pribatizazioan sakontzeko presioa eragiten duen banku-lobbyaren parte da, pertsona jubilatuen erabateko gehiengoa gaur egun babesten duen eredu publikoaren kalterako.
- Banku honek ingurugiro- zein gizarte-inpaktu larriak eragiten dituzten makroproiektuak finantzatzen jarraitzen du mundu osoan zehar. Hauen artean honakoak aipa ditzakegu: Hidroituango megaproiektua Kolonbian, 13.000 pertsona lekualdatu dituena eta presaren aurka ziharduten 7 aktibisten hilketa suposatu duena; eta Isiluko presaren eraikuntza, Kurdistan turkiarrean kokatzen dena, eta inguruko bizilagunak kaltzetzen dituzten ingurugiro-, gizarte- eta kultura-inpaktu larriak eragiten ari dena.
Banketxearen irabazien iturri diren jarduera kaltegarrietaz gain, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ematen dioten mesede-tratua salatzea beharrezkoa da baita ere, sozietate-zergaren beherapenaren bitartez edota bankuarentzat mesedegarri diren akordien sinaketaren bitartez (hainbat urtez erabilpenik gabe dagoen Bilboko “BBVA dorrea”-ren erreskatea kasu, funts publikoen bitartez bideratutakoa).
BBVAren aurkako Plataforma
EHk Kapitalari Planto! Kanpainia