TXOSTEN OSOA ESKURATU HEMEN

Tarahumara Mendilerroan, lurralde indigenen gaineko antzinako eskubideak historikoki erabilera eta ohituragatik aitortu dira. Hala ere, Mexikoko estatuak legez hori ez duenez formalizatu, herri indigenetako komunitateei «izatezko komunitate» izatea leporatu zaie, eta, horrenbestez, haien baliabideak eta bizimodua mehatxatzen dituzten jardueren eta erauzketa-proiektuen aurrean haien lurraldeak defendatzeko ahalmena mugatu dute.

Eskualde horretan meatzaritza eta basoak moztea bezalako jardueretarako baimenak eman dituzte, kaltetutako komunitateen aurretiko kontsulta aske eta informaturako eskubidea bermatu gabe. Utzikeria horrek funtsezko galdera bat egitera bultzatzen gaitu: non geratzen dira haien lurraldeetan eta bizimoduetan zuzeneko eragina duten erabakietan parte hartzeko komunitate indigenen eskubideak? Gainera, jarduera horiek ezartzen direnean, eragiten dituzten ingurumen-kalte larriak maiz ez dira kontuan hartzen ezta kalte-ordain egokiak eskaintzen (Red en Defensa del Territorio Indígena, 2016, 26-37 or.).

Dinamika horiek guztiek bipiltzearen, ustiapenaren eta sarraskiaren logika koloniak betikotzen dituzte, eta ez dituzte herri indigenak soilik zapaltzen, haien eskubideak defendatzen eta buru egiten dutenak ere jazartzen dituzte; hala, mehatxuei eta kriminalizazioari aurre egiten diete eta haien bizitza arriskuan jartzen dute.

Latinoamerika osoan, giza eskubideen, lurraldearen eta natura ondareen defentsak muturreko arriskuak dakartza. Global Witness-en (2023) arabera, 2022an gutxienez 177 defendatzaile planeta babesteagatik erail zituzten, eta, guztira, 1.910 erailketa egon dira 2012tik aurrera (9 or.). Iniciativa Mesoamericana de Defensoras-ek (IM-Defensoras) (2024), bere aldetik, 2012 eta 2022 urteen artean Mesoamerikan lurraren, lurraldearen eta natura ondareen norbanako eta erakunde defendatzaileen aurkako 4.504 eraso dokumentatu zituen, eskualdean denbora-tarte horretan dokumentatutako eraso guztien % 15,6 da hori (39 or.).

Mexiko erailketa gehien erregistratzen dituen herrialdea da, hilero erailtzen dituzte defendatzaileak. 2021ean guztira 54 erail zituzten, 2020an, aldiz, 30. Eraildako pertsonen % 40 baino gehiago indigenak ziren. Lurraren eta ingurumenaren defendatzaileentzako tokirik arriskutsuenetarikoa bihurtu da Mexiko, guztira denbora-tarte horretan 154 erailketa jazo ziren. Erailketa gehienak (131) 2017 eta 2021 urteen bitartean gertatu ziren soilik (Global Witness, 2022, 11-12 or.).

Coloradas de la Virgen-eko eta Choréachi-ko rarámuri komunitateak, Guadalupe y Calvo distrituan kokatuta, Tarahumara Mendilerroan, bipiltzearen eta indarkeriaren aurkako erresistentziaren adibide adierazgarriak dira. Eskualdeko baliabide naturalak ustiatu nahi dituzten eragile pribatuen, politikoen eta talde kriminalen etengabeko presioari aurre egiten diote komunitate horiek. Kolektiboki lurraldea defendatzeari datxekizkion arriskuen adibide argia da haien borroka, eta haien lurrak babestu ez ezik, haien kultura eta nortasuna ere babesten dituzte.

Azken urteotan, talde kriminalen indarkeriaren eta jazarpenaren ondorioz, Tarahumara Mendilerroan barne-desplazatu, mehatxu eta erailketa gehiago egon dira defendatzaileen artean. Interes erauzleak, gobernuaren axolagabekeria eta indarkeria biltzen dituen testuinguruan, egoera horrek lurraren defendatzaileen muturreko zaurgarritasuna agerian uzten du.

Alianza Sierra Madre A.C. (ASMAC) funtsezkoa izan da Coloradas de la Virgeneko eta Choréachiko komunitate indigenak laguntzeko. Erauzketa-enpresen interesen eta legez kontrako jardueren (hala nola legez kontra basoak moztea) aurrean lurraldea defendatzeko borrokan lagundu diete. Gaur egun, Isela Gonzálezek (zuzendaria) eta ASMACeko beste langile batzuek Mexikoko estatuak eskainitako babes-neurriak dituzte. Komunitateak berak lurraldea defendatzen duela azpimarratu du I. Gonzálezek; hortaz, komunitate osoak jaso behar du babesa. «Komunitatea bere osotasunean babestea oso garrantzitsua da, izan ere, lurraldearen defentsa kolektiboaren ahalegina da. Haien lurrak eta kultura babesteko, komunitate osoak jaso behar du babesa» (komunikazio pertsonala, 2024ko irailak 5).

Ikerketa honetan, Tarahumara Mendilerroaren kokapena eta geografia-ezaugarriak, eskualdeko prozesu historikoak eta oraingo gatazketan duten eragina deskribatu ditugu. Horrez gain, elementu garaikideak ere jorratu ditugu, hala nola Merkataritza Libreko Itunak, erauzketa-ekonomiak eta narkotrafikoaren aurkako «gudak» komunitate indigenen berdintasun ezak eta zaurgarritasuna betikotu izana.

Mugarik Gaben Tarahumara Mendilerroa bezalako eskualdeetan lurraldearen, natura ondareen eta giza eskubideen defendatzaileen bizitzak jokoan daudela ikusarazi nahi dugu, izan ere, eraso fisikoei, kriminalizazioari, indarkeria digitalei eta mehatxuei aurre egin behar diete. Choréachiko eta Coloradas de la Virgeneko kasuek ere borroka kolektiboa dela gogorarazten digute, eta, komunitate eta norbanako defendatzaileen babesa bermatzeak eragile politikoen konpromiso irmoa behar duela, tokian tokiko zein nazioarteko mailan. Horregatik, Iniciativa Mesoamericana de Defensorasek (IM-Defensoras) eta giza eskubideen beste erakundeek egindako txostenetan jasotako eskaeren eta erronken berri ere ematen du txosten honek.

TXOSTEN OSOA ESKURATU HEMEN