Nekaezina zen
Konpartitu genuen azken gunea Mugarik Gaberen asanblada bat izan zen, Guatemalako pertsona defendatzaile batekin batera. Egun horretan goizetik arratsaldeko azken ordurarte lanean egon zen, eserita egotea molestatzen zion bizkarreko mina zuen. Hala ere, han zegoen, garrantzitsua zelako, horretan sinesten zuelako.
Bigarren ezaugarria ezagutzen genuen, baina igandetik gaur arte are ikusgarriagoa izan da: Abya Yalako mugimendu indigenaren aliatu eta lagun izateko zuen gaitasuna. Internazionalismoaren balioei eusten jakin zuen, lankidetzaren instrumentalizazioak nahasi gabe, aliantzak ehuntzen, bat gehiago izaten, espazioak, eztabaidak, barreak eta bizitza partekatze zuen lagun bat. Mezu eta hitz polit pila bat jaso ditugu berari eskerrak emanez eta guztietan “lagun” eta “anaia” hitzak behin eta berriro errepikatzen dira.
Bat egiten dugun esker horiekin, Eskerrik Asko elkarrekin ikasitako guztiagatik, barreengatik, itxaropenengatik, baita eztabaida eta haserreengatik ere, urte asko izan dira eta…
Urte asko ametsak konpartitzen, beti gurinezko opil bat jateko prest, arraro begiratzen zizun horiz jantzita joaten bazinen, Serantes mendira igotzen zen ia egunero, izan ere, Boliviara horrenbeste joaten zenez, altuera ondo menderatzen zuen.
Mamarigakoa zela zioen Santurtzikoa baino gehiago, alabak eta bikotea goraipatzen zituen beste ezeren gainetik. Eta gizon, euskalduna eta ezkertiarra izanik…gai zen ere Mugarik Gabeko asanbladetan gurekin batera bere emozioen inguruan hitz egiteko…Zer moduz zaude? Gaur nola zatoz?
Jesus, hurrengo asanbladan ere emozio erronda batekin hasiko gara, danok izango dugu zure izena ahotan, eta zure omenez eta oroimenez kanabera-lore bat hartuko dugu. Ez zaigu ospatzeko ezer hoberik bururatzen: bide hau zurekin konpartitu ahal izatearen pribilegioa ospatzea alegia.