Otsailaren 24an, goizeko 11:30ean Bilborock aretoan Egia, Justizia eta Erreparaziorako ekitaldia antolatu du Mugarik Gabe erakundeak. Bertan indarkeria matxistetatik biziraun duten 10 emakumek euren bizipenak kontatuko dituzte.
Ondoren, kalejira bat egingo da Azaroaren 25eko Emakumeen Plazaraino, eta bertan, publikoki, emakumeen erreparazio-eskaerak jaso eta horietako batzuk aurrera eramateko konpromisoa hartuko dute hainbat elkartek.
Urtebete baino gehiagoz, Mugarik Gabe erakundeak, Bizitu Elkarteak, Feministaldek, Mujeres del Mundok, Zehar Errefuxiatuekin eta El Salvadorreko La Colevtiva Feminista por el Desarrollo Localek, hainbat indarkeria matxistetatik biziraun duten emakumeen testigantzak bildu dituzte, erreparazio-eskaerak zeintzuk diren jakiteko asmoz.
Eskari horiek ezagutzera emateko eta jendarte gisa erantzun kolektibo bat emateko, datorren otsailaren 24an, 11:30ean, Bilborocken, KINTSUGUI izeneko ekitaldia antolatu dute.
Kintsugi ehun urtetik gorako japoniar teknika bat da, apurtutako zeramikazko piezak urrezko hautsarekin egindako pasta batekin errepatzean datzana, eta “orbainak” disimulatu beharrean, balio berria duen pieza bakarra sortzen da.
Ekitaldi honek entzute, sinesgarritasun eta duintasun ekintza bat izan nahi du, erreparaziorako ezinbesteko lehen urratsak dira horiek. Gainera, gogoeta egin eta gizarte gisa dugun erantzukizuna kontuan hartuz, elkarte antolatzaileek bere gain hartu nahi dute indarkeria matxistak desagerrarazteko konpromisoa eta biktima diren emakumeak protagonista diren laguntza- eta erreparazio-prozesuak martxan jarri nahi dituzte.
Kintsugiko protagonistak
Bilborockeko ekitaldian 10 emakumeren ahotsak entzungo dira, tartean Nerea Aizpurua biolontxelo-jotzaileak melodia ezberdinekin lagunduko ditu hitzak. Prozesuan parte hartu duten eta ekitaldi honetan parte hartuko duten emakumeen profila azaltzen da jarraian.
Barneko etxeko langile diren lau emakume migratu. Familia enplegatzaileen zaintza-lanean aurre egin behar dieten indarkeriei buruz hitz egingo dute, hala nola: lan-eskubideak, lan-esplotazioa, arrazakeria, tratu txarrak, irainak, mespretxua, umiliazioak, diskriminazioak, mehatxuak… Jatorrizko herrialdean eta migrazio-igarobidean indarkeria matxistak jasan zituen emakume bat. Bikotekide ohiaren indarkeriatik biziraun eta indarkeria bikarioa jasan duten beste lau emakume; gainera, kasu askotan, indarkeria instituzionalari ere aurre egin behar izan diote. Eta, azkenik, giza eskubideen defendatzailea den El Salvadorreko emakume trans bat (Karla Guevara), prozesuan parte hartu duten eta indarkeria matxistei aurre egin dieten hainbat pertsonaren ordezkaria.
Ekitaldiaren ondoren, kalejira egingo da Bilborocketik Azaroaren 25eko Emakumeen Plazaraino. Bertan, horretarako prestatutako karpa batean emakumeen erreparazio eskaerak entzungo dira eta kolektibo antolatzaileek eskaerak jasotzeko eta horietako batzuk aurrera eramateko konpromisoa hartuko dute. Itxiera horrek elementu sinbolikoak izango ditu, indarkeria matxisten biktimentzat Egia, Justizia eta Erreparazioaren alde borrokatzen jarraitzeko konpromiso kolektiboa izan nahi du. Amaieran, Afrika Bibang abeslariak ekitaldiari itxiera emango dio.
Biktimen aitortza eta erreparazioa ezinbesteko urratsa da indarkeria matxisten aurkako borrokan, baita instituzioen eta jendartearen erantzukizuna ere. Horregatik dei egiten diogu gizarteari Kintsugui deituriko ekitaldi honetan parte har dezan.
Ekitaldi hau Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza ekonomikoarekin egiten da.
Bertan ikusten dugu elkar