Atzera begiratzen dugu 2022an zer egin genuen azaltzeko. Zein zaila den egindako guztia orrialde gutxi batzuetan laburbiltzea. Gauza batzuk ikusgarriagoak izan dira: kongresuak, hainbat antolakunderekin egindako bilerak, kaleko ekintzak… Beste batzuk ikusezinagoak dira, egunerokoak, eta, agian horregatik, ez ditugu gure memorietan txertatzen. Horiek ere, ezinbestekoak dira.
Txostena osorik HEMEN duzu
Jende askoren orduak gure bulegoetakoren batean laguntzen. Pertsona ororentzako mundu bizigarriekin amesteko Euskal Herriko eta Latinoamerikako beste erakunde batzuekin dugun konplizitatea. Lekuz leku korrika garamatzaten agendetan bisitatzen gaituzten eta haien ezagutzak partekatzen dituztenen lana. Urtez urte Mugarik Gaberen ehunka bazkidek ematen diguten konfiantza. Haien konpromisoa gabe ezingo ginateke izan egun garena. Administrazioaren jarraipena, pazientzia eta ordu asko eskatzen dituen gardentasun-ariketa. Mugarik Gaben lan egin zuten eta arrazoi desberdinengatik beste tokiren batean dauden pertsonen gertutasuna eta konpromisoa: beti daude ekarpenak egiteko prest.
Gure egiturari dagokionez, bereziki eskerrak eman behar dizkiegu gure bi bazkideri: Inma Merinori, batzordeko lehendakari izan den urte guztiengatik, eta Saioa Polori, kargua hartzeko izan duen prestutasunagatik.
Ezinbestekoak diren ekintza guztiak aurkezpen honetan zerrendatzea ezinezkoa da… Horregatik, guretzako urte hau markatu duten prozesuak gainetik azalduko ditugu.
2022. urte honetan jarraipena eman diogu 2021-2026 Plan estrategikoari. Alde batetik, Eskubide kolektiboak eta bizitza jasangarriak izeneko lerroarekin, naturaren eta lurraldearen defentsan eskubideen urraketak salatzen jarraitu dugu, Latinoamerikako kideen intzidentzia politikorako gaitasunak indartu ditugu eta bizitza iraunkorreko ereduak eraiki ditugu. Bestetik, Emakumeen* eskubideen defentsan zentratutako gure beste lan-lerro baten bidez, eskubide hauen urraketa salatu dugu, justizia eta erreparazioa exijitu ditugu, Latinoamerikako kide feministen gaitasunak sendotzearen alde lan egin dugu Euskal Herriko mugimendu feministarekin elkarlanean, giza eskubideen defendatzaileen zaintza indartu dugu eta indarkeria matxisten biktima izan diren emakumeen memoria eta erreparazio prozesuak eraiki ditugu.
Gainera, 2022ko ekainean egindako asanbladan Mugarik Gaberen Komunikazio Plana eta 2022-2025 urteetarako ‘¡A pico y pala!’ gure Berdintasunaren aldeko V. Plana onartu genituen. Abenduko asanbladan Latinoamerikako bi erakunde berri onartu genituen bazkide gisa: ACIN eta CANICAS.
Ekintza askoren artean, 2022an Intzidentzia Politiko eta Sozialean egindako lana bi arlo nagusitan zentratu genuen.
Alde batetik, Koordinadoran egindako lana dago, bereziki 2007ko Legearen ordez erakundeek onartu nahi duten Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Lege berria sortzeko prozesura bideratu dena. Hala, 2022an aurreproiektuen zirriborroak eta hainbat bilera egin ziren, bai Koordinakundearen barruan eta baita euskal erakundeetan ere, Lankidetzaren Euskal Agentzia buru. Une desberdinetan prozesu honetako talka, ikuspegi eta helburu nagusien berri eman dugu eta, antza denez, 2023 osoan zehar prozesu berean egongo gara oraindik.
Eta, beste aldetik, eraldaketarako hezkuntzaren berezko prozesuei dagokienez, Bizitza Jokoan prozesua nabarmendu nahi dugu. Memoria honen atal batean sakonago azaldu dugu, baina, aipatu nahi dugu Intzidentzia Politikoan lan zabala eta sakona egin dela. Era berean, indarkeria matxisten biktima izan diren emakumeen erreparaziorako prozesuen beharra nabarmentzen jarraitu dugu, bai erakundeek eta baita gizarte zibil antolatuak ere bultzatu behar dituztenak. Halaber, Zaintza-lanen inguruko intzidentzia lana dago, gure bizitzaren funtsezko parte gisa, ez soilik alde indibidualagatik, baita eta alde kolektiboagatik ere. Zentzu horretan, zaintzen duten antolakundeak eraikitze aldera, tresnak eta eztabaidak sortu ditugu, eta urte amaierarako mugimendu feministak deitu duen Greba Feministaren alde lerratu gara.
Espero dugu memoria hau baliagarria izango dela irakurtzen dutenek Mugarik Gabe hobeto ezagutzeko eta bultzatzen eta egiten ditugun prozesuak ikusarazteko, esan bezala, ikusezinak diren baina berdin garrantzitsuak diren beste prozesu horiek ahaztu gabe.