Ia inork ez du ukatzen klima-aldaketaren aurrean gaudela. Are gehiago, ekarri dituen ondorio guztiak ikusita, dagoeneko klima-krisia deitu genezake. Energia-krisia ere pairatzen ari gara, aspaldi iragarritakoa, eta inoiz imajinatu baino gertuago dauden gerra eta gatazken ondorioz azkartu dena.
Baina, krisi hauekin batera – eta, hein handi batean, hauen ondorioz -, eskubide-krisi bat ere gertatzen ari da. Pertsona ugari lekualdatzera behartuak izaten ari dira arrazoi klimatikoengatik eta aurretik aipatutako gatazkengatik. Honenbestez, pertsona askoren bizi-baldintzak okertu egin dira, bereziki emakumeenak. Ihes egin behar izan dutenak daude, baina baita eskubideak sistematikoki urratzen dizkietenak eta gero eta lan eta bizi baldintza prekarioagoak dituztenak, plataforma digitalek, enpresa teknologikoek eta banaketa-kate handiek menderatutako mundu mailako ekonomia honen eraginez.
Gai horiek guztiak urriaren 19an eta 20an landuko dira 19:00etan Portalean zenbait proiekzioren bidez, Egoaizia, Bakea eta Elkartasuna eta Mugarik Gaberen eskutik.
Bizi dugun testuingurua agerian uzteaz gain, bi jardunaldi hauekin alternatiba ezberdinak eta bizi- eta kontsumo-aukera berriak ezagutarazi nahi ditugu, beste bizimodu berri batera igarotzeko aukera berriak, etorkizuneko jendarte berrietara eramango gaituztenak, oraingoak baino justuagoak eta jasangarriagoak izan beharko direnak. Gai horiei heltzeko, ikus-entzunezkoetan ezagutuko ditugun ekimen eta proposamen zehatzez gain, bertoko eta Latinoamerikako gonbidatuak izango ditugu, kezkak, jakin-nahiak eta proposamenak partekatzeko.
Jarraian egitaraua eta ikus-entzunezko lanen sinopsia:
ESKUBIDE ETA ALTERNATIBEN DOKUMENTAL EMANALDIAK
Krisien aurrean… aldaketari ekiteko unea iritsi da
Portalea, Eibar
ASTEAZKENA, URRIAK 19 – 19:00
‘ExplotAPP’: Prekarizazioa zure mugikorrean eskura.
Dokumental honek plataforma digitaletako lan-prekaritatea jorratzen du. 25 minututan, plataforma digitaletako lan-eskubideak aztertzen ditu mundu mailan, batez ere Euskadin “Glovo”-rentzat El Salvadorren “Hugo” enpresarentzat lan egiten duten langileen egoerari erreparatuz. Trailerra: https://www.youtube.com/watch?v=PBeK7Rxrebo
Dokumentalaren amaieran, Latinoamerako adituen errealitatea eta proposamenak ezagutzeko aukera egongo da.
OSTEGUNA, URRIAK 20 – 19:00
Alternatibak Plazara!
Dokumentalak gutxi gorabehera ordubeteko iraupena du, eta Euskal Herriko hainbat leku zeharkatzen ditu nekazaritzarekin, elikadurarekin, trantsizio energetikoarekin, zaintzarekin edo ekonomia sozial eta solidarioarekin lotutako ekimenak, alternatibak eta aukera berriak ezagutzeko, bizitza eta lurra benetan zaintzen duten ereduak, komunitateak edo herriak martxan jarri dituztenak. Trailerra: https://www.youtube.com/watch?v=M_yIxqiQaXA
REASeko (Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea) Blanca Boix izango da dokumentalaren proiekzioaren ondorengo solasaldian.