Memoria Eraikiz memoria kolektiboa eraikitzearen aldeko apustua da, indarkeria matxistaren aurkako estrategia gisa biktimen eta biziraun dutenen ahotsa eta testigantzak jasoko dituena. Emakume hauei sinesgarritasuna emateko beharrak bultzatu du ekimena, haien erresistentzia-estrategiei ikusgarritasuna emateko, kontakizun hauei beste adiera bat emateko, eta emakume hauek beren bizitzen eta gizarte-eraldaketaren protagonista bihurtzeko.
Historia eraikitzen duten kontakizun hegemonikoak eta, beraz, imajinario kolektiboa, zalantzan jartzen duen memoria feminista da. Hori gabe zaila da aurrera egitea Egia, Justizia eta Erreparazio prozesuetan.
Indarkeria matxistaren aurkako estrategiaren barruan kokatzen den ekimen honen hasieran identifikatu genuen biziraundako emakumeei ahotsa eta sinesgarritasuna emateko beharra. Hala, 2013an, Emakumeen Eskubideen aldeko Auzitegi Sinboliko bat egin genuen.
Aurrerago, Flores enel Asfalto ikerketa egin genuen. Bertan, indarkeria matxista desberdinak jasan dituzten munduko hainbat lekutako 28 emakumek beren testigantzak eman zituzten. Kontakizun horietako zazpik Memoria Eraikiz esperientzia sentsoriala osatzen dute. Lan-ildo horretan sakonduz, jardunaldi batzuk egin genituen 2020ko urrian, memoria-lanetan zein erreparazio-ekimenetan sakontzeko.
“Indarkeria matxisten aurkako memoria lekuak” argitalpenarekin beste urrats txiki bat eman nahi dugu memoria indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko tresna handia den ustean. Argitalpenaren zatirik handiena ekarpen bat da mundu osoan zehar hainbat kolektibo egiten ari diren ahaleginari, memoria-prozesuen bidez emakumeok modu sistematikoan pairatzen dugun indarkeriari aurre egiten diotenak.
Informazio gehiago nahi baduzu bisitatu gure gune birtuala