1.– Munduko agintariak berriro bildu dira Klima Aldaketari buruzko 26. Konferentzian –COP26–
Glasgowen, Hegoalde Globaleko herrialdeen presentzia oso txikiarekin. Planetaren tenperatura jada
industriaurreko aroan baino 1,1ºC altuagoa da, eta aurreko 25 gailurretako akordioak gorabehera,
neoliberalismoak bizitzaren eta gizartearen euskarriak suntsitzen jarraitzen du. Klima aldaketa
dagoeneko errealitate bat da: biodibertsitatearen galera, muturreko fenomeno klimatikoak, permafrost eta glaziarren urtzea edo errefuxiatu klimatikoen aurkako apartheida.
2.– Krisi klimatikoarekin batera, erregai fosilen eta beste lehengai batzuen ugaritasuna amaitzen ari da. Energia–iturri berriztagarriak beharrezkoak dira deskarbonizaziorako, baina ezin dute gure egungo
kontsumoa bermatu, are gutxiago planetaren muga biofisikoekin eta gehiengoaren beharrekin talka
egiten duen hazkundea: % 10 aberatsenak munduko CO2 isurien erdia ekoizten du.
3.– Aitorpenen erosotasuna alde batera utzi eta ekintzara pasatu behar da. Erronka gradu hamarren
bakoitza borrokatzea da, 2100. urterako 1,5ºC–ko beroketa ez gainditzeko. Premiazkoa da trantsizio
ekologikoa eta soziala bultzatzea, materialen eta energiaren kontsumoa modu sozialki justuan
murrizteko plangintza demokratikoa egitea.
4.– Larrialdi–egoerak zerikusia du hemen Euskal Herrian egiten diren politikekin, krisi klimatiko eta
ekologikoa areagotzen duen eredu ekonomiko batean sakontzen duten politikekin, Iberdrola edo Repsol bezalako enpresak pandemiaren ondoren susperraldirako europar funtsak jasotzeko hautagaien lehen lerroan jarriz. Ez da trantsizio justurik izango erantzunak antolatzen saiatzen den euskal gizarte aktiborik gabe, eta klima larrialdia areagotzen duten enpresa eta gobernuak salatzen dituena. Klima–aldaketari aurre egitea justizia klimatikoko ekintza bat da Hegoaldeko gizarteekiko, historian zehar Iparralde industrial eta kolonialak beren baliabideak lapurtu baitizkie, eta elkartasun–ekintza bat etorkizuneko belaunaldiekiko.
Horretarako, honako hau proposatzen dugu:
• Aberastasuna banatzea eta politika fiskalak sustatzea, herritar guztiek oinarrizko diru–sarrera eta
zerbitzu publikoak eskura izatea bermatzeko.
• Hazkunde ekonomikoaren bidetik alde egitea, mirari teknologiko faltsuak alde batera uztea eta
klima aldaketaren ardura duten enpresei diru–laguntzak ez ematea.
• Tokiko energia–komunitateak sortzea eta oinez, bizikletaz eta garraio publikoan joan–etorriak
sustatuko dituen mugikortasuna sustatzea, errepideen beharra ez areagotzeko.
• Lanaldia murriztea, enplegua banatzea eta ordaindu gabeko baina bizitzarako ezinbestekoak
diren lanen banaketa bultzatzea.
• Erabili eta botatzeko kontsumo–modua alde batera uztea, errausketari uko egiten dion
hondakinen kudeaketa lehenetsiz (murriztea, berrerabiltzea, birziklatzea, konpostatzea).
Irakurri Manifestua hemen