Gero eta nabarmenagoa da politika-, ekonomia- eta komunikabide-esparruetako giza eskubideen desagerpena, eta elite politiko eta ekonomikoek ingurumen-eskubideen aurkako urraketen larritasuna benetan aintzat ez hartzea. Bi gai horiek krisi zibilizatorioan eta klimatikoan eragiten dute, eta zalantzan jartzen dute azken hamarkadetako garapen-eredua, baita planetaren bideragarritasuna eta bizitza bera ere.
Herritarrek erantzukizun-maila bat dute, baina oso kutsagarriak diren enpresek edo zalantzazko gobernuek, merkataritza- eta ekonomia-interesen mende daudenek, erantzukizun-maila handiagoa dute, zalantzarik gabe.
Egoera horiek desberdin eragiten diete hainbat kolektibori, kasu askotan, urraketa salatzen duten pertsona eta gizataldeen eskubideen urraketekin batera gertatzen direla.
Guatemalan, emakume eta gizon nekazari eta indigenek ondo dakite zer den aurre egitea, defendatzea eta protesta egitea, beren bizitzaren mende dauden baso, ibai eta lurraldeak babesteko…
Bolivian, berriz, herri indigenek komunikazio-sistema propio eta alternatibo bat sortu dute, eta sistema horren bidez, beren eskubideak, identitatea, kultura, hizkuntza propioak eta guztiontzako eredu justuago bat defendatuko dituzte.
Oraingo honetan, hiru pertsona izango ditugu, giza eskubideen defentsa horren protagonista izatera iritsi direnak, hainbat arrazoirengatik, bai eta haien ekintzek eragin duten kriminalizazioaren protagonista ere.
Edgar de Leon abokatu maiarra da, eta Guatemalako gobernuaren errepresioaren ondorioz hil direnen alde justizia eskatzea eta euren eskubideak aintzat hartu gabe ikusten dituztenak defendatzea du helburu.
Lolita Chavez, maya quiché, Kiché Herrien Kontseiluko kidea da, feminista komunitarioa eta giza eskubideen defendatzailea. Lolitak lau urte baino gehiago daramatza Guatemalatik kanpo, derrigorrezko erbestean.
Ivan Sanjinés komunikatzailea eta zinemagile boliviarra da, CEFREC – Kulturen arteko Komunikazioaren Garapenerako Fundazioaren sortzailea. Herri indigenek zinemarako eta komunikabide propioetarako sarbidea demokratizatzea du helburu. Boliviako 5 erakunde indigena handiekin koordinatuta, CEFREC gaur egun Boliviako Komunikazio Indigenaren Sistema Plurinazionala bezala ezagutzen dena garatzera iritsi da.
Egunotan Euskal Herriko hainbat txokotan ibiliko dira, eta erakundeekin eta gizarte zibilarekin bilduko dira eskubide urraketak salatzeko eta erantzukizunak eskatzeko.