Martxoaren 8an, Mugarik Gabetik bat egingo du mugimendu feministak herri eta hiriburuetan deitutako aldarrikapen, proposamen eta mobilizazioekin. Aurten, matxismoa eta arrazakeria salatu dituzte, pandemiaren testuinguruan.

Horregatik, neurri guztiekin eta arreta guztien zaintzan jarrita, taldean antolatzen jarraituko dugu, krisialdian dagoen eta pitzatzen jarraitu behar den sistema honetan beharrezkoak diren aldaketak exijitzeko.

Bi urte igaro dira azken Greba Feministan planto egin eta bizitzak erdiguneratzeko beharra aldarrikatu genuenetik. Urtebete igaro da jada azkenengo martxoaren 8tik, antolatu eta borroka feministara batzeko deia egin genuenetik. Ordutik, Covid19ak eragindako izurrite testuinguruak, sistema honen dimentsio ezberdinetako krisiak azaleratu ditu.  Lehertu dena, ez baita osasun-krisia soilik.

Herritarron osasunaren gainetik, Gobernuetatik kapitala lehenetsi da berriz ere. Mugak eta kaleak militarizatuta ikusiten ari gara, abusu polizial eta instituzional arrazistak jasan ditugu, ehundaka kide kaleratze arriskuan daude, milaka emakumek lan merkatua utzi behar izan dute zaintza lanengatik, agerian geratu da Euskal Herrian bertan erabakiak hartzeko ahalmenik eza, espazio okupatuak desalojatu dituzte, indarkeria matxistak ez du etenik izan eta krisialdiak eragin zuzena izan du eremu feminizatuetan, bereziki egoera irregularrean dauden emakume langileen eremuan.

Aurten inoiz baino gehiago, sistemari arrakalak sortzeko konpromisoa adierazteko asmoz antolatu dugu martxoaren 8a. Osasun zein mugatze egoerek ohikoak ditugun mobilizazio erak zailtzen dizkigu, baina kaleak salaketarako espazio izateko modua bilatuko dugu.

“DENA aldatu, sistema arrakalatu” diogu. Krisi hau ez zen pandemiarekin hasi, eta Euskal Herriko Mugimendu Feministan orain ez gara isilik eta geldi egongo. Sistema kapitalista, heteropatriarkal, arrazista arrakalatzeko feminismoan antolatu eta kolektiboki borrokan jarraitu behar dugu. Hain zuzen ere, bizitzak sostengatzeko ardurak kolektibizatzeko eta botere harremanak errotik aldatzeko.

GORA BORROKA FEMINISTA ANTIRRAZISTA!