Indarkeria matxistak dira, ziurrenik, giza eskubideen urraketarik zabalduena, pertsona gehien aurre egiten dituena delako eta, aldi berean, munduko jendarteek gehien normalizatua dugunetako bat. Gaiarekiko aurrerapausoak eman dira pertzepzio sozialean, baina oraindik bide luzea dago egiteko.
Ez dugu ahaztu nahi indarkeria horiek desagerrarazteko dugun erantzukizun kolektiboa; alde batetik, erakunde publikoei legediak bultza ditzatela (baliabideetan zehaztuak) eta arreta- eta prebentzio-neurri eraginkorrak abian jar ditzatela eskatu behar diegu. Eta, bestetik, herritar garen aldetik, arazo horren aurrean dugun zereginari eta jarduteko gaitasunari buruz hausnartu behar dugu.
Mugarik Gaben, azken urteotan, memoriaren garrantzia nabarmendu dugu indarkeria matxisten aurka borrokatzeko estrategia gisa. Egiturazko kausak agerian uzten dituen azterketa feminista batetik abiatutako memoria bat eraikitzeko lan egiten dugu. Gure kasuan, indarkeria matxisten biktimen eta biziraun duten emakumeen testigantzak gehitu eta erdigunean jarriz burutu dugu, entzunak eta sinetsiak izan daitezen. Euren bizipenak, eskaerak eta proposamenak bilduko dituen memoria alegia.
Indarkeria matxistak memoriatik heltzea hauek existitzen direla onartzea da. Normalizatu nahi ez izatea da. Egiturazko desberdintasunak hautsi nahi diren beste jendarte justuago baterantz jotzea da. Gertatu diren gertaerak, berriro gerta ez daitezen, kolektiboki jasotzea da. Justizia, egiaren eta erreparazioaren alde egitea da.
Memoria soziala
Memoria soziala jendarteak bere buruaz egiten duen diskurtsoa da, hau da, gertatutakoaz kontatzen eta gogoratzen duguna, gure nortasuna osatzen eta azaltzen duena eta iruditeria sozial bat eraikitzen duena. Memoria sozialaren eraikuntzan, era guztietako narratiben eraikuntzan bezala, boterea duenak bazterretan uzten ditu botere gutxien dituzten kolektibo edo taldeak, entzunak izan gabe eta, beraz, euren historia idazteko aukerarik gabe, eta are gutxiago hau memoria kolektiboan geratzeko aukera.
Justiziaren eta gizarte-erantzukizunaren azterketa feminista batetik iragana berrirakurtzeak eta indarkeria matxisten biktimen eta biziraun dutenen kontakizunak txertatzeak, biktimizatzailea ez den ikuspegi batetik, egun indarkeria matxisten kontzeptuan oinarri berriak barneratzen eta iruditeria soziala eraldatzen lagunduko digu. Emakumeen bizitza, mina eta erresistentziak jasotzen dituzten kontakizunak historian gehitzeko gai izan behar dugu, erreparazio ariketa politiko eta ez errepikatzeko proposamen gisa.
Istorio bat kontatzea baino zerbait gehiago
Kasu askotan biktimek jasaten duten isiltasunak eta aurre egin dieten gertakarien ikusezintasunak beren bizitzako esparru guztietan (fisikoa, psikologikoa, soziala, ekonomikoa, legala) eragina dute. Hala, aitorpen ezak, azkenean, sozialki gauzatzen den biktima eta biziraun duten emakumeen aurkako beste indarkeria bat da, eta horri aurre egiten dietenen estigmatizazio eta erruduntasuna indartuz. Horrek guztiak gure bizitzetan indarkeria matxistak naturalizatzea dakar.
Biziraun duten emakumeek beren istorioa kontatu ziguten aurretiko esperientzietatik ikasi genuen zein garrantzitsua den testigantzak lehen pertsonan jasotzea; hain zuzen ere indarkeria matxistetara benetako hurbilketa izatea, identifikatuta sentitzeko eta bizipenak kontatzen dituenarekin enpatizatzeko laguntzen diguna.
Testigantzak funtsezkoak dira bai entzuten dutenentzat bai kontatzen duten emakumeentzat. Testigantza ematea sendatzailea izan daiteke kontakizunari sinesgarritasuna eta aitorpena ematen dion ingurune batean kontatua eta adierazia denean, aurre egiteko erabilitako estrategiak nabarmendu eta bere errealitatearen subjektu aktibo protagonistatzat jotzeagatik.
Mundu osoko elkarte feministek, hala nola Guatemalako Actoras de Cambio eta Kolonbiako Ruta Pacífica de las Mujeres, besteak beste, beren esperientzietatik erakutsi digute isiltasuna apurtzea eta emakumeen testigantzei sinesgarritasuna ematea justizia eta erreparazio ekintza politikoak direla.
Indarkeria matxisten biktima eta biziraun duten emakumeen testigantza indibidualak eta kolektiboak entzuten dituen eta gertakariak aitortuz haien mina kolektibizatzen duen memoria kolektibo baterako bideari ekin behar diogu. La verdad de las mujeres txostena eraikitzeko prozesuan planteatzen den bezala, “Memoria, dimentsio kolektiboan, narrazioa, mineko esperientzia intimo batetik, partekatutako memoria berri batean aitortu beharreko kalte kolektibo baten bihurtzen du”.
Erreparaziorako eskubidean aurrera egitea
María Naredorekin ulertu dugu indarkeria matxisten biktima izan diren eta biziraun duten emakumeentzako erreparazio eskubidea aldarrikatzeko eta bermatzeko oinarrizko eskubidea dela, ez bakarrik kalte-ordainetan, baita lehengoratzean, asebetetzean eta, jakina, berriz gertatuko ez dela bermeetan ere.
Kalte-ordaina jasandako kalte-galerengatiko konpentsazio ekonomikoari dagokio, leheneratze eta errehabilitazioak biktima jasandako erasoaren aurreko egoerara itzultzea dakar, eta baita indarkeriazko gertaerek izan dituzten inpaktu guztiak (fisikoa, psikikoa, soziala…) guztiz sendatzeko behar diren neurriak bermatzea ere. Asebetetzea egia zabaltzeari buruzko guztia jasotzen duen elementua da, biktimei eurei eta haien testigantzei zilegitasuna eta sinesgarritasuna emanez, testigantza horiek eremu publikoan eta sozialean aitortuak izan daitezen. Berriz ez gertatzeko bermeen elementuak Estatuak erasoa ez dela berriro gertatuko ziurtatu behar duela azaltzen du.
Memoria sozialean biktima diren eta biziraun duten emakumeen testigantzak biltzea eta zabaltzea erreparazioa lortzeko lagungarria da, kontatutako gertaerak aitortzen dituelako, historian jasotzen dituelako, balioa eta sinesgarritasuna emanez eta publikoki aitortuz. Hori memorian txertatzeak indarkeriazko gertaerak baztertzen dituzten diskurtsoak eraiki ahal direla esan nahi du, azken batean, inongo emakumeekin gertatu behar ez zirela adierazi, ez errepikatzeko beharrezkoak diren aldaketei heldu behar diegula.
Gure harri-koxkorra: memoriaren espazio birtuala
Mugarik Gaben, memoriari buruzko lanari ekin genion, ikuspegi feministako ikerketa baten bidez. Bertan, emakume ausarten bizitza-istorioak jaso genituen, jasan zituzten indarkeriak eta haiei aurre egiteko moduak kontatu zizkigutenak. Haien kontakizunak memoria sozialean inskribatuta geratzea nahi genuen, herritarrak interpelatzea, eta horretarako, haien testigantzekin emozioak mugiarazten dituen ekimen artistiko batekin kalea okupatu dugu. Memoria sozial kolektibo honen eraiketan laguntzeko asmoz, emakume biktima eta biziraun dutenen memoriari buruzko hainbat ekimen jasotzen ditugu espazio birtual batean, emakumeen memoriaren espazio gisa eraiki nahi dena. Gure ekarpena, guzti hau ez ahaztu, ezagutu eta onartu, berriro gerta ez dadin saiatzea da. Eta baita ere ikaskuntza eta esperientzia horiek jendartea eraldatzera bultza gaitzaten lan egiten duten emakume eta kolektibo guztiei ikusgarritasuna eta berotasuna eman, euren esperientziak eta jardunbide egokiak jasoz.
Espazio birtual honetan jasotzen dugun esperientzietako bat “Ser mujeres en la ESMA, testimonios para volver a mirar” erakusketa da, bereziki emakume izate hutsagatik haien aurka erabilitako indarkeria sistematikoa adierazten duena. Erakusketa hau Mekanika Armatuen Eskolan (ESMA gazteleraz) egin zen, Argentinako diktadura garaiko atxiloketa-, tortura- eta sarraski-zentro klandestinoa izandakoa, gaur egun Memoriaren Museoa dena. Ekimenak emakumeek bizitako indarkeriei buruzko testigantzak jasotzen ditu, kasu askotan isilaraziak izan zirenak, eta banakako zein taldeko zaintza-ekimenak eta arauak urratzeko moduak nabarmentzen dira.
Webgunean jasotako beste ekimenetako bat Bertha Gaztelumendik zuzendu eta Emakundek ekoitzitako “Volar” dokumentala da. Indarkeria matxistari aurre egin dioten bederatzi emakumek asteburu bat landa-eremuan igarotzen dute eta bizitakoa eta nola egin dioten aurre partekatzen dute. Jaioterri, lanbide, bizileku… askotariko emakumeak dira, biktimen topiko eta estereotipoak apurtuz. Protagonistek genero-indarkeriaren biktima izan direla publikoki adierazi dute, honekiko dagoen estigma soziala hautsi nahi izanik.
Web orrian jasotzen diren ekimen ugarietako bi baino ez dira horiek, eta espero dugu guztien artean osatzen joatea, espazio hau memoriarako tokia bihurtzeko eta erreparazioan aurrera egiteko.