Pandemia egoerak agerian utzi du indarkeria matxistak ez direla konfinamenduarekin geldiarazten, alderantziz baizik, ugaritu egiten dira! Horregatik, azaroaren 25 honetan ez dugu onartuko COVIDak aspaldiko pandemia zaharrak izkutatzea.
Pandemiak eta erakundeek hartutako neurriek, emakumeen aurkako indarkeria ugari sortzen dituzten prozesuak azkartu eta sakondu dituzte: haien erasotzaileekin giltzapetutako emakumeak, euren lanean konfinatutako etxe barruko langileak, arrazakeria instituzionala kalean eta erakundeetan, zainketa lanak edota telelana egiteko malabareak egiten diharduten ama eta alabak, etxegabetzeak pandemiaren erdian…
Guzti honengatik, beste behin ere, erakundeak salatu nahi ditugu, haien itsutasunean are ahulago, pobreago eta prekarioago utzi baikaituzte. Eta indarkeria egoerei aurrea hartzeko eta erantzuteko premiazko neurriak har daitezen aldarrikatzera gatoz.
“Indarkeria matxistaren aurrean, zerbitzu publikoak defendatu!” lelopean, zerbitzu publikoak, guztion bizitza duin eta askea bermatzeko, giltza direla aldarrikatu nahi dugu.
Gaur egungo zailtasunak kontuan hartuz, badakigu zaindu egin behar garela, baina gure ahotsak eta aldarrikapenak entzunarazteko beharra dugu ere. Horregatik, datorren azaroaren 25eko mobilizazioa birplanteatu dugu; kaleak hartzeko bai, baina aldi berean, elkar zaintzeko.
Itsasadarraren bi aldeak hartuko ditugu, udaletxetik Salbeko zubiraino. Horretarako, arratsaldeko 19:30etatik aurrera itsasadarrera, adierazitako tarteetara gerturatzeko deia egiten dugu. Manifestuaren irakurketa 20:00etan izango da 4 zubietatik (Udaletxea, Zubi zure, Salbe eta Arrupe). Eta lehenago bat egin nahi dutenentzat zutabeak antolatzen ari dira eta 19:00etan abiatuko dira hainbat auzotatik.
Azkenik, indarkeria matxisten aurkako konpromisoa duten herritar guztiak leihoan edota balkoian kolore moredun zerbait eskegitzera animatzen ditugu.
Aurten, inoiz baino gehiago, gure salaketak lau haizetara zabaldu; eta aldi berean gure eskubideak defendatzeko prest, antolatuta jarraitzen dugula erakustea ezinbestekoa da.
Hauek dira mobilizazioak hirietan: