Urtarrilaren 30ean Greba Orokorra izangodugu, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitua. Euskal sindikatuok eta eragile sozial ugarik (pentsiodunak, feministak, ekologistak, gazte-mugimendua, bazterketa sozialaren aurkako plataformak, Ekonomia
Sozial eta Solidarioaren Sarea…) osatzen dugu Karta.
Pentsiodunen mugimenduren deiari erantzunez antolatu dugu Greba Orokorra. Etengabe mobilizazio indartsuak egiten kalean
bi urte eman eta gero, jauzi kualitatibo bat emateko beharra planteatu du mugimenduak, borroka justu horren alde beste kolektibo batzuk gehituz. Gaurko pentsiodunei eta etorkizunekoei, guztioi eragiten digun borroka da pentsio sistema publikoa defendatzea, lan harremanetarako eta babes sozialerako sistema propioa lortzea, 1.080 euroko gutxieneko soldata aldarrikatzea edota eros-ahalmena legez bermatzea.
Gainera, Greba Orokorrarekin, eta aurretik lantzen ari garen dinamikarekin, prekarietatearekin amaitu eta lan baldintzak duintzeko neurriak hartzeko beharra jarri dugu mahai gainean. Neurri horien artean daude: lanaldia 35 ordura jaistea, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea, soldata-arrakala amaitzea nahiz azpikontratazioetan enplegua eta lan-baldintzak bermatzea.
Era berean, egun ukatuak diren eskubide sozialak aitortzea erreklamatzen dugu, besteak beste, alokairu sozialeko etxebizitzak
eskuragai izatea edota menpekotasun egoera guztiei erantzun egokia ematea, zerbitzu sozialen sistema publiko, unibertsal eta doakoaren bidez. Bizitza erdigunean jarriko badugu, ezinbestekoa da zaintza lanak ikusarazi, duindu eta bermatzea.
Garaia da azken urteetan murrizketekin kendu diguten guztia berreskuratzeko, eta adostu dugun Aldarrikapen Taularen norabidean
aurrera egiteko. Pentsio, lan-baldintza eta bizitza duinak nahi ditugu. Eskubidea dugu eta lortu arte borrokan jarraituko dugu, planeta suntsitzen ari den sistema ekonomiko eta sozial kapitalista, neoliberal, patriarkal honek ezartzen duen logikaren aurka.
Mobiliza gaitezen, beharrezkoa da, nahi dugun aldaketa denon artean bideratzeko; badakigu presioa egitea beharrezkoa dela patronalak eta instituzioek (Eusko Jaurlaritza, Nafarroak Gobernua, espainiar Gobernua) gure eskakizunen aurrean amore eman dezaten.
Horregatik, urtarrilaren 30ean, Greba Orokorra.