Gizartea eta planeta, euren osotasunean, inoiz ez bezalako desberdintasunera, autoritarismora eta egoera jasangaitzera bideratzen ditu kapitalismoak. Mundu mailako merkantilizazioa besterik ez dute buruan enpresa handiek eta haien aliatuek. Guztia da merkataritzarako bideragarria; dena izan daiteke negozio ona: hezkuntza, osasuna, ura, energia, lurra, zaintza, erosketa publikoa, inbertsioak, merkataritza digitala, berrikuntza, etab.
Merkantilizaziotik datorren eraso horrek, nagusikeria eta indarkeria handiagoak dakartza politikaren arlotik. Mundu mailako negozioak amaitzen diren lekuan hasten da demokrazia. Eskubide kolektiboen eta kontrol sozial eta publikoaren arautze eza da nagusi Estatu eremuetan. Aldi berean, enpresa handien aldeko teknokrazia ezarri da eskualde eta mundu mailan -Europar Batasuna buruan dela-. Horren adibiderik argiena, herri burujabetza eta herrien eskubideen antitesia diren merkataritza itunak, prekarizatutako erdi demokrazia bideratzen dutenak.
Mundu mailako eremuan, enpresa transnazionalek lurraldeak eta guztion ondasunak eskaintzen dizkiete pribatizazioari eta neurrigabeko ustiapenari, tokian tokiko oligarkien eskutik. Hau guztia, lurraldeekiko eta bertan bizi diren herriekiko inolako begirunerik gabe. Biak eskubideak dituzten subjektu politikoak dira, eta haiek suntsitzeak egoera jasangaitzera bideratzen du planeta.
Merkatu globalari eta enpresa transnazionalei oztopo geografiko, politiko eta sektorialak ezabatzea da, azken finean, lortu nahi dutena. Eta horrek arrisku larrian jartzen ditu gure bizitzak: klase, genero eta arraza/etnia menpekotasunak hazten dira; pobreen arteko liskarrak areagotu; jasangarritasun estruktural ezean sakondu eta kolapso ekologikoan aurrera egiten da; oraindik guztiona/publikoa dena salerosten da; mundu mailako arazo larriei aurre egiteko gobernu eza sortuko da, eta askoz pertsona eta herri gehiago kanporatuko dira sistematik.
Sistema honetan, merkataritza-itunek eta inbertsioak babesteko akordioek enpresa transnazionalak babesten dituzte, herrialdeetatik “kanporatuak” izan ez daitezen; baina, aldi berean, ez dago justiziarik errefuxiatuentzat, ezta haiek jasaten dituzten eskubide-urraketak salatzeko aukera ematen duen auzitegirik ere.
Programa liberalak ugaldu izanaren ondorioa da esandako guztia, gaur egun gainera, bertsiorik ultrenean. Horrek guztiak eskuin faxistenaren igoera dakar, bai eta hamarkada luzez herriaren borrokaz lortutako banako eskubideetan nahiz eskubide kolektiboetan atzerapausoak ere.
Eraso hori Euskal Herrian ere jasan dugu. Banketxeak erreskatatu egin dira, zor pribatua publiko bilakatuz; oinarrizko zerbitzu publikoak pribatizatu egin dira; erreforma desberdinak direla medio, negoziaketa kolektiboa gutxienekotan geratu da; zerbitzu sozialak murriztu egin dira, etxegabetzeak bideratzeko legeak egin…
Burujabetasuna lapurtzen digute. Burujabetzaren alde borrokatu behar dugu herriok. Baina ez bakarrik aberastasuna nola banatuko dugun erabakitzeko, hau da, pertsonak erdigunean jarriz, ez bada baita zer, nola eta norentzat ekoizten dugun erabakitzeko ere. Lan eta giza politiken inguruko erabakiak geure lurraldean hartu behar ditugu. Horretarako, ezinbestekoa da lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal eremua garatzea.
Herri bezala daukagun etorkizunak arduratzen gaitu. Horregatik guztiagatik, Euskal Herriak kapitalaren aurrean planto egiten du, eta botere korporatiboaren ezarpenei aurka egiten die, daukaten forma daukatela ere (nazioarteko itunak, multinazionalen gehiegikeriak, finantza ekonomiaren erasoak…).
Horrela, aniztasun sozial eta politikotik EH-k Kapitalari Planto! plataforma bultzatu nahi dugu, Euskal Herrian jasaten ari garen eraso kapitalistari erantzun soziala emateko. Bizitzaren, guztion ongizatearen eta burujabetasunaren alde, herri mobilizazioa koordinatu, artikulatu eta areagotzeko apustua egin nahi dugu, kapitalaren barneratzearen adierazpen nagusiei aurre egiteko:
-
Enpresa transnazionalak: Euskal Herrian nahiz mundu osoan “euskal korporazioen” eraginen inguruko jarraipena egin eta mobilizazioak bideratuko ditugu. Askotan, interes orokorraren aurka, gure lurraldean instituzioek jarritako alfonbra gorriarekin ezartzen diren transnazionalen jarduerak aztertuko ditugu.
-
Pribatizatutako politika publikoak eta korporazioen aldekoak: gehiengo sozialaren ongizatea mehatxatzen duten kapitalaren aldekoak diren politika publikoei aurre egingo diegu; herri nahiz autonomia mailako pribatizazio prozedurak, besteak beste, edo enpresa handien sarrera, zerga politika, industria politika, enpresen nazioartekotasuna, etab.
-
Merkataritza itunak: gure bizitzetarako eta burujabetasunerako kaltegarriak izango dira itunen ondorioak Euskal Herrian, are gehiago mota honetako akordioetan buru den Europar Batasunaren barruan. Itunak eurak eta ekintzen bidez nahiz ekintza ezaren bidez itunok bermatzen dituztenak salatzea izango da gure lehentasuna.
-
Kapitala defendatzen duten estatuz gaindiko erakundeak: Merkataritzaren Mundu Erakundea (MME), Banku Mundiala (BM), Nazioarteko Diru Funtsa (NDF), G-20, G-7, edo Europar Batasuna bera, mundu mailan merkataritza agenda inposatzeko sistemak erabiltzen dituzten estatuz gaindiko erakundeak dira. Mobilizazioaren eta salaketaren bitartez, horiek guztiak eraisten lagunduko dugu Euskal Herritik, gure herrian ekintzak antolatzen badituzte, batez ere.
Gaur egungo sistema sostengatzen duen arkitekturaren aurkako artikulazio eremua abiarazi nahi dugu, hau da, merkataritza itun eta nazioarteko erakundeen babes politiko eta juridikoaren bitartez enpresa handiei erakundeek emandako laguntzen aurkakoa.
Kapitalaren aldeko zigorgabetasun logikaren aurka planto egiten dugu. Salaketa, mobilizazio eta desobedientzia zibil baketsuaren aldeko sormenezko estrategia barneratzaileak sortuko ditugu alde batetik, eta bizitza mota demokratikoago, jasangarriago eta bidezkoagoetara iragaiten utziko diguten eta enpresa handiak arautuko dituzten alternatibak ezarriko ditugu, bestetik.