Duela urtebete euskal lankidetzako erreferenteak garen GGKE eta pertsona batzuk, Baionan 2017ko apirilaren 8an izandako gertakari historikoa balorean jartzeko adierazpen bat ezagutzera eman genuen, alegia, ETAren armagabetze ordenatua, legala eta egiaztagarria azpimarratuz. Armagabetze bat, zeinetan jendarte zibila, agian munduan lehenengo aldiz, protagonista izan zen, eta hori nabarmendu nahi izan genuen. Urte bat geroago eta ETAren desmobilizazio prozesua momentu erabakior batean dagoela sineztuz, balantzea egin nahi dugu eta era berean, beste bake prozesu batzuen ezagutzetatik, euskal kasuan kontutan hartu beharreko elementu batzuk azaldu nahi ditugu.
Duela urte bete aipatu genuen moduan, jendarte zibilaren parte-hartzea protagonikoa izaten jarraitu behar du euskal prozesuan. Nahiz eta ezagutzen ditugun bake prozesu batzuetan jendartearen partehartzea kontuan izan duten, parte-hartze hau ez da inoiz protagonikoa izan, ezta prozesuak baldintzatu ere. Aldiz, Foro Sozial Iraunkorrean, Bake Bidean edo “Bakearen Artisauak” dinamikan bezalako kolektiboetan mugitzen den euskal jendarteak gatazkaren konponbiderako agenda baldintzatzen ari da, espainiar gobernuaren interes falta eta blokeoa agerian utziz. Izan ere, ezagutzen ditugun bake prozesu guztietan alde guztien inplikazioa ezinbestekoa izan da gatazka armatuen konponbiderako.
Horregatik gaur, armagabetzearen urteurrenean, Luhuson “Bakearen Artisauek” hasi zuten ibilbidea aitortu nahi dugu, ibilbide bat, zeinak azkenengo hilabeteetan lehenengo fruituak ematen hasi den, Frantziako Gobernuak dispertsio politikoaren ondorioz preso dauden pertsona batzuen egoera konpontzeko hartutako erabakien bidez.
Halaber, egiaztatzen dugu armagabetzearen ostean sortutako eszenatoki berri honek, adostasun politiko eta sindikalak ahalbidetu dituela gaixo dauden presoen egoeran, espetxe eskumenaren transferentzian eta hurbilketaren kasuan, besteak beste. Eta horregatik, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren inplikazioa eskertzen dugu, “aldebakarrekoa” den prozesu berezia izan arren, itzuliezina izatea bermatzen dutelako.
Erantzukizunean oinarritutako bakea nahi dugu, horrela bermatuko ditugu bere eraikuntzan beharrezkoak diren euskarriak. Bakea bizitze ona izan behar da guztiontzat. Eta horretarako, egia ezagutzeko mekanismoak martxan jarri behar dira, baita justizia duin eta konpontzaile bat, biolentzia guztien biktima guztiak pairatutako sufrimendu guztiak aitortuak eta konpartituak izan daitezen.
Amaitzeko, elkartasun internazionalistako erreferenteak garen erakunde eta kolektiboen ustez, Bakea borroka armatuaren gabezia baino harago doa. Bakeak biolentzia sortzen duten eredu politiko sozial, ekonomiko eta kulturalak eraldatzeko aukera bat suposatzen du. Hori da bilatu behar dugun bakea, bizitza eredu berrietara igarotzeko oinarriak jarriko dituena, hala nola, feminismoa, ekonomia sozial eta solidarioa, elikadura burujabetza, lurren eskuratzea, nortasuna, justizia soziala edo berdintasuna.
Azken finean, iraganeko irakurketa kritiko, eraikitzaile eta partekatu baten bidez bizikidetza eredu berriak eraikitzea ahalbidetuko duen bake eraldatzailea. Hori da jendartearen parte-hartze protagonikoarekin, gure herriarentzat eta munduko gainontzekoentzat nahi dugun bakea.
ATXIKIMENDUAK: Paz con Dignidad, Euskadi – Cuba, Lumaltik, Mundubat, Bizilur, Mugarik Gabe, Etxalde, SODePAZ, Garabide, Colectivo Latinoamericano de Refugiad@s – Bachué y Emigrados sin Fronteras.
Euskal Herria – 201/04/09