Aztertzeko ezinbestekoak diren bi errealitate azalduko ditugu: nola Hego Amerikako hala Euskadiko indarkeria matxisten egoeraren datuak. Egoera hauek azaltzen ditugu, batetik, biolentziaren larritasuna eta emakumeen giza eskubideen urraketak ulertzeko, eta bestetik, jendartearen aldetik hauekiko pertzepzioa.
Emakumeen eskubideen biolentzia sistemiko honek, batzuetan gizartearen aldetik irakurketa eta analisi partziala du, egoera puntuala aztertzen baita emakumeen eskubideen defizit fenomenoaren marko osoan ikusi gabe.
Munduko edozein gizartetan emakumeen eskubideen defentsan lan egiteko beharra azaleratzen duten indarkeria matxistaren inguruko datu batzuk aipatuko ditugu.
Gertukoagoa den testuinguru bati erreparatzen badiogu, Emakundek Euskadin landutako “Zifrak 2013” informeak ondoko emaitza hauek plazaratzen ditu indarkeriaz eta honen pertzepzioaz:
- 16 urtetik gorako Euskadiko emakumeen %12,5ak inoiz genero-indarkeria motaren bat sufritu duela aitortzen du. Bikotearen edo bikote-ohiaren testuinguruan izan dela dio % 7,5ak, eta % 1,8ak familia barruko indarkeria jasan duela, hau da, bikotekidea edo bikotekide-ohia ez den beste familia-kide batek eragindako indarkeria.
- Lan esparruari dagokionez, lan ordaindua duten edo inoiz izan duten emakumeen % 1,8ak noiz edo noiz lanean indarkeria pairatu dutela aitortzen du.
- Azkenik, emakumeen % 2,7ak adierazten du esparru sozial eta publikoan indarkeria sufritu dutela euren bizitzan zehar.
- Azken urteotan emakumeen aurkako indarkeriarekiko ardura handituz joan izanak eragin handia izan du instituzioengan, erakundeengan eta oro har euskal jendartearengan. Populazioaren gehiengo handiak (% 82,2) uste du genero indarkeria arazo sozial oso larria dela, emakumeak izanik, gizonen aldean, larritasuna irmoago azpimarratzen dutenak.
- Gizartea beraren berdintasun eza estrukturala eta kulturala da, eta hau da hain zuzen ere emakumeek pairatzen duten indarkeriaren arrazoi nagusia. Hala ere, datuek adierazten dutenez, jendarteak ez dio hala irizten. Gizartean oso zabalduak daude emakumeen aurka eragiten den indarkeriaren inguruko hainbat mito oker eta uste faltsu, hala nola genero indarkeria alkoholaren eta drogen kontsumo gehiegizkoarekin, erasotzailearen arazo psikologikoekin, edo estres handiko momentuekin zein kontrolaren galtzearekin lotzen dutenak.
Emaitza hauetatik ondorioztatzen dugu gai honekiko herritarren sentsibilizazioan asko aurreratu dela, eta beharrezkoa dela bestelako indarkeria mota batzuk ere indarkeria bezala aintzat hartzea. Era berean ondorioztatzen da herritarrek ez dituztela indarkeria honen zergatiak aztertzen, eta beraz, ez dutela berdintasun ezak indarkeriarekin duen lotura hautematen. Besteak beste, sexua, etnia/arraza, adin edo klase baldintzen arabera, menpekoak eta gutxietsiak diren identitateak ezartzeko joera dago emakumeen kontrako diskriminazioa eta mesprezua justifikatzeko. Menpeko identitateak gurutzatzen direnean, diskriminazio anizkoitzak ematen dira eta ahultasun egoera handitu egiten da.
Azkenik, nabarmentzekoa da jendartearen arazoa izanik ere, oraindik ere arrazoi indibidualetara jotzen dela erasotzailea justifikatzeko eta biktima gertakarien arduradun egiteko.
Hego Amerikako datuei dagokionez : - Banku Mundialaren datuen arabera, lurraldeko 15 herrialdetako emakumeen %69k salatu zuen abusu fisikoa jasan izana, haien bikotearen eskutik gainera. %47 bere bizitzan zehar eraso sexual baten biktima izan da gutxienez.
- Biolentzia sexualari dagokionez datu oso altuak erregistratu dira. Panamako Osasun Erakundeak galdekatutako emakumeen %5-11 artean bikote intimoarengandik indarkeria sexuala sufritu izana aitortu zuten. Era berean,%10-27ak edozein egileren ondorioz indarkeria sexuala jasan dute, bikotearena barne.
- Maila sozioekonomiko baxu zein erdiko 22 eta 35 urte bitarteko emakumeen %90ak onartu zuen jazarpenaren biktima izan dela. Zifra %7 jaisten da profesionalen artean, eta %3 zuzendaritza mailako emakumeen artean.
- Lan munduan datuak ez dira askoz pozgarriagoak. Industrializatutako herrialdeetan zein garatutako lurraldeetan egindako inkestek seinalatzen dutenez, emakumeen %30-50ak bere bizitzako etaparen batean mota bateko edo besteko jazarpen sexuala jasan du lantokian. Lurraldean, lanean dauden txiletarren %20ak sufritu zuen eraso sexuala. Brasilen 12 hiritan egindako ikerketa batek emakumeen %52ak lanean mota bateko edo besteko eraso sexualen bat sufritu duela erakutsi zuen. El Salvadorren, etxeko langileen %16ak aldatu du lana jazarpen edo eraso sexualen ondorioz.
- Lurraldeko beste gaitz handietako bat feminizidioa da. Guatemalan eta El Salvadorren, 675 eta 580 emakume, hurrenez hurren, izan ziren erailak 2010ean emakume izate hutsagatik. Mexikoko 12 entitateetan 1.221 erailketa mingarri kontabilizatu ziren emakume eta umeen kontra 2007 eta 2008ko abenduaren artean.