unnamed

Indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko dauden oztopoak identifikatzeko elkartuko dira elkarte feministak otsailaren 24an Madrilen

Mujeres en Zona de Conflicto (MZC) elkarteak Euskadiko, Kataluniako eta Andaluziako eragile ezberdinak batuko ditu Madrilen, emakumeen eskubideen defentsa bultzatu eta indarkeria matxisten eraisketa sustatzeko. Bilera “Emakumeen eskubideen defentsarako eta indarkeria matxista eraisteko sarea sortuz” proiektuaren baitan kokatzen da, Mugarik Gabe Gobernuz Kanpoko Euskal Erakundeak sustatzen duena.

Ekitaldia otsailaren 24an izango da, asteartean, 16:00etatik aurrera, Madrileko Mugimendu Feministaren egoitza berrian, Bravo Murillo kaleko 4 zenbakian.

Topaketak erakundeek indarkeria matxistari aurre egiteko eragiteko alor ezberdinetan dituzten arazo nagusien diagnostikoa lantzea bilatzen du, eta aurrera egiteko aldaketa proposamenak partekatzea. Mujeres en Zona de Conflicto elkartearentzat genero indarkeria “botere harremanetan oinarritutako indarkeria mota da, ez dio biktima den pertsona bakarrari soilik eragiten, jendarteari, bere osotasunean, baizik”.

Proiektuak emakumeen eskubideak lortzea eta indarkeria matxisten desagerpena agenda politikoaren lehentasunezko zeregina izatea bilatzen du, gizarte zibila gai honekin mobilizatzea lortzea barne. Elkarteek nola autonomia erkidego bakoitzaren egoeraren analisia hala darabiltzaten estrategiak aurkeztuko dituzte. Lurralde bakoitzeko proiektu, kanpaina eta lan horiek elkar aberasteko balioko dute. Era honetan erakundeak elkarte eta kolektibo feministen arteko iritzi eta ikuspegi trukaketak egiteko espazio bat sortu nahi du.

Otsailaren 25ean, asteazkenean, beste topaketa bat egingo dute Otro tiempo elkarteko kideen esperientzia eta hausnarketak elkarbanatzeko, FEMINICIDIO.NET webgunearen sustatzaileekin, hain zuzen ere. Zehazki, feminizidio kontzeptuaren inguruko sarrera labur bat egingo dute, eta izan duen bilakaera azaldu. Horretaz gain, Espainiako feminizidio kasuak dokumentatzeko eredu proposamen bat aurkeztuko dute.

“Emakumeen eskubideen defentsarako eta indarkeria matxista eraisteko sarea sortuz” proiektuak lurraldeko azken topaketa bat egitea du aurreikusia apirilean zehar Andaluzian. Ekainean, beste bilera bat egiteko asmoa dute Euskadin, deitutako elkarte feminista guztien parte hartzea espero dutena. Azkenengo hitzorduan, akordioak lortzeko aurkitutako zailtasunak aztertu eta komunean jarriko dituzte, indarkeria matxistei aurre egiteko ildo zein ekintza komunak diseinatzeko.