Hasteko, beharrezkoa da  El Estor kokatzea. Guatemalako udalerri bat da, Izabal lakuaren ertzean kokatzen dena. Izabal, herrialdeko lakurik handiena da, eta ezinbesteko lan eta elikadura iturri da herritarrentzat. Hain zuzen, Q ‘eqchi herri maiarentzat.

Bertan kokatzen da Solway Investment Group meatze-enpresaren jarduera –errusiar kapitala izan arren, Suitzan du egoitza–. Multinazional horrek 2011. urtetik Fenix meategia ustiatzen du, eta Ertamerikako aire zabaleko meategi handienetako bat da. Bere webgunearen arabera, nikela ateratzeko munduko enpresarik handiena ere bada, Errusia, Mazedonia, Liberia edo Indonesia bezalako herrialdeetan presentziaduna.

Enpresak dituen konexioak eta interesak ulertzeko esan beharra dago Outokumpu fabrikatzaile finlandiarra dela bere bezero nagusienetakoa.  Azken hori, altzairu herdoilgaitzaren fabrikatzailea da. Besteak beste, Ikea eta Bosch-Siemens hornitzen ditu, eta gaur egun gure etxeetan aurki ditzakegun harraskak, mahai-tresnak eta etxetresna elektrikoak fabrikatzeko erabiltzen den osagaietako bat da.

El Estorreko komunitateek eta herri-komunikatzaileek (Prensa Comunitariak barne) urtetan salatu dute meategiaren jarduna eta horren eragina; hain zuzen,   meategiaren ingurumen-inpaktua eta honek bertan bizi diren komunitateetan duen inpaktu kaltegarria. Salaketei erantzuna errepresio gordina izan da: atxiloketa arbitrarioak, frogarik gabeko sumarioak irekitzea, kriminalizazioa, etxebizitzak bortxatzea, jazarpenak, setio-egoerak eta hilketak.

Eredu hori Latinoamerikako meatze-enpresa multinazionalen jardunean nahiko arrunta den arren, kasu honek badu alde nabarmen bat, izan ere, zortzi milioi dokumentu eta barne-mezu filtratu dira eta jarduna ikertzeko aukera izan da. Mining Secrets bezala ezagutu dugun proiektuak agerian utzi ditu Solway enpresak, agintariekin aliantzan, erabili dituen estrategiak bere helburuak aurrera eramateko:  “sasi guztien azpitik, laino guztien gainetik”.

Askotan lortzen ez den bezala, kasu honetan agerian jarri ahal izan dira enpresaren jarduera ustelak. Hori komunikabide konprometituen ezinbesteko lanari esker lortu da.

Garrantzitsuena:

Argia komunikabide konprometitu horietako bat izan da, kasua zabaltzen lagundu  eta ordainetan enpresaren mehatxua jasan duena. Adierazpen-askatasunaren kontrako eraso hau, planifikatutako larderia-estrategia baten parte da. Gaur Argiak jasaten duen hau, bihar giza eskubideen aldeko beste komunikabide edo erakunde batek jasango du. Helburua, segurtasunik eza eta beldurra zabaltzea da, autozentsura inposatzeko modu gisa.

Udefegua Guatemalako erakundearen arabera, 2021ean bakarrik, giza eskubideak defendatzen dituzten pertsona, komunitate eta erakundeen aurkako 1002 eraso izan ziren Guatemalan, eta gizarte-komunikatzaileak (batez ere komunitarioak) dira kriminalizatuen daudenak.

El Estorreko q ‘eqchi herriaren borroka babesten dugu, hainbat txosten eta bisitaren bidez, eta zenbait elkarteren lana babestuz, hala nola Prensa Comunitariarena (orain Argiak jasotzen dituen mehatxu horien jatorrian).

Gaur, gure babesa, elkartasuna eta maitasuna publikoki adierazi nahi diogu Argiari, ezinbesteko bidelaguna baita pertsona eta herri guztientzat bizitza duina ardatz duen eredu bat sustatzearen aldeko bide honetan.

Beraz, zuekin batera, ozen esango dugu: kazetaritza ez da delitua.

Ez gaituzue isilduko.

Utzi ARGIA bakean.